Negutegietako laboreetan izurrite handiak sortzen dituen beldar bati aurre egiteko, hari poliedrosi nuklear gaitza eragiten dion birusa aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oihana Cabodevilla biologoak. Hain zuzen, birusa Spodoptera exigua beldarrean nola transmititzen den eta zer iraunkortasun duen aztertu du, eta ikusi du infekzioa intsektuaren hainbat belaunalditan transmiti daitekeela, isilpean. Bada, populazioan zabalduta egon litezkeen birus isil horiek izurriteak kontrolatzeko agente gisa erabiltzea da martxan jarri nahi duten hurrengo lan-hipotesia.
Hamarkada bat baino gehiago daramate NUPen birus horrekin biointsektizidak garatzeko lanetan. 2007an biointsektizida baten patentea lortu zuten: biointsektizida da birusaren infekzio-partikulak dituen prestakina, eta negutegiko landareen gainera isurtzen da. Infekzio-partikula asko barneratzen badira beldarretan, hil egiten dira, eta, orduan, milioika barneratze-gorputz askatzen dira, beste beldar batzuk infektatzeko prest. Dosia ez baldin bada nahikoa handia, ordea, beldarrek isilpeko infekzioa har dezakete; ez dute gaixotasunaren sintomarik, baina hurrengo belaunaldietara transmiti ditzakete birusak.
Oraingo ikerketan, "frogatu dugu isilpeko infekzioa belaunaldi jarraituetan transmiti daitekeela landa-eremuko populazioetan", adierazi du Cabodevillak. Ikerketa-bide eta lan-hipotesi berriak irekitzeari dagokionez Cabodevillak esan duenez, "etorkizuneko ikerketek isilpeko infekzioak berraktibatzeko moduari heldu ahal izango diote, eta, hala, isilpeko infekzioak infekzio hilgarri bihurtu."