Indonesiako Sulawesi uharteko kobetan aurkitutako labar-artea munduko zaharrenetakoa izan daiteke, Nature aldizkarian argitaratu berri duenez Indonesiako eta Australiako ikertzaile-talde batek. Artikuluan jasotzen denez, haitzean negatiboan margotutako esku batzuek 39.900 urteko antzinatasuna dute gutxienez, eta animalien beste irudi batzuek, berriz, duela 35.400 urte egin zituzten.
Indonesiako margolan horien datazioek zalantzan jarri dute labarretako artearen sorrerari buruz indarrean dagoen teoria. Izan ere, labarretako artea Europan sortu zela uste izan da orain arte, eta munduko beste leku batzuetan aurkitutako lanak, Sulawesin datatu berri direnak barne, askoz berriagoak direla pentsatzen zen.
Naturen argitaratutako lanaren arabera, Sulawesiko eskuak eta Europako labarretako artelanik zaharrenak garai berean egindakoak dira. Kantabriako El Castillo kobako disko-segidak gutxienez 40.400 urteko antzinatasuna du, eta Europako labar-arterik zaharrena dira. Gipuzkoako Altxerrin, berriz, duela 39.000 urte margotutako bisonte bat gordetzen da. Datazio berrien arabera, Sulawesiko margoak garai berean egin zituzten, baina Europatik milaka kilometrotara, munduaren beste aldean.
“Beharbada, labarretako artea garai berean sortu zuten Europako eta Asia hego-ekialdeko gizaki modernoek, edo, agian, Afrikatik atera ziren lehen gizakiek ere egiten zituzten margolanak”, adierazi du Thomas Sutiknak, Australiako Wollongong Unibertsitateko irakaslea eta argitaratu berri den ikerketan parte hartu duen zientzialaria.
Sulawesiko zazpi kobetan hamabi margolan aurkitu dituzte, eta antzinatasuna margoen gainean sortutako kaltzita-, aragonito- edo igeltso-geruzetako isotopo erradiaktiboak neurtuz zehaztu dute. Labarretako pinturen gainean geruzakk metatzen dira denboraren poderioz, eta uranio-torio teknikari esker, geruza horietako isotopo erradiaktiboak neurtu daitezke. Horrek aukera ematen du azpiko artelanak datatzeko. Hala ere, artelanak zuzenean ez direnez datatzen, teknikak margoen gutxieneko adina ematen du, eta litekeena da pinturak zaharragoak izatea.
Datatu diren lanen artean, basa txerri antzeko baten irudiaren (35.400 urte) garrantzia azpimarratu dute ikertzaileek, nahiz eta negatiboan margotutako giza esku bat den datatu berren artetik zaharrena.