Kromosomak jardunean harrapatu dituzte

Kromosomak jardunean harrapatu dituzte

Suitzako ikertzaile-talde batek legamiaren kromosomak zelularen nukleoan nola higitzen diren filmatzea lortu du. Punta-puntako teknika mikroskopikoari esker, inoiz baino zehaztasun handiagoz ikusi ahal izan da kromosomen higidura. Mikroskopioak segundo eta erdiro argazki bat egiten du. Science aldizkarian argitaratu zutenez, kromosomen eskualderik aktiboenek bost minutuan 30 bider zeharkatzen dute nukleoa alderik alde, eta telomeroak, aldiz, nukleoaren mintzari atxikita egoten dira denbora guztian.

Ikertzaileen ustez, kromosomen mugimendua aztertuta, geneen espresioari buruz eta, azken finean, bizidunen garapenari buruz ikasi ahal izango da. Adibidez, zelulak zatitzen direnean kromosomen mugimendua egokia izatea funtsezkoa dela uste dute, akatsik gabeko obulu eta espermatozoideak sortzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila