Kristo aurreko txanpon faltsua

Kristo aurreko txanpon faltsua
2006/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: La Sapienza Unibertsitatea)

Duela bi mila urteko txanpon batek liluratuta utzi ditu Italiako kimikariak. Ustez zilarrezkoa da, baina, egitura mikroskopikoa aztertuta, agerian geratzen da txanpon faltsua dela; berunezkoa da, baina zilarrezko geruza mehe batez mozorrotuta dago.

Faltsutzaileek gaur egungo arkeologoei ere sartu zieten ziria, txanpona zilarrezkotzat eman baitzuten 1948an, Gallipoli hiritik gertu aurkitu zutenean. 2003an egindako analisiek aurkitu zuten iruzurra. Betidanik egon dira faltsutzaileak, baina txanpon honetan aurkitutako lan finak harrituta utzi ditu zientzialariak.

Zilarra eta beruna oso ondo uztartuta daude txanponean; emaitza hori ez da lortzen zilarrezko bi xafla mehe txanponarekin batera berotuta, ezta zilar-itxura ematen duten erreakzio kimikoen bitartez ere. Horrelako emaitza bat prozesu elektrolitiko baten bitartez lortzen da gaur egun, baina elektrokimika ez zen garatu XIX. mendera arte. Nola egin zuten orduan?

Erromako La Sapienza unibertsitateko kimikariek aurkitu dute soluzioa, efektu bera lortzeko duela bi mila urte ezagutzen ziren teknikak erabilita. Gakoa zen txanpona kobre azetatotan eta zilar klorurotan murgiltzea. Lehenengoa kobre-puska bat ozpinetan utzita lortzen da, eta bigarrena zilarra duen mineral bat amoniakoarekin tratatuta. Amoniakoa bera gernutik erauzten zuten.

Horrela kontatuta sinplea dirudi, baina kontuan hartu behar da faltsutzaile haiek elektrokimikaren pareko metodo bat asmatu zutela duela bi mila urte. Noski, garai hartan ere erraz froga zitekeen txanpona faltsua dela, dentsitatea neurtu hutsarekin, baina milioika txanponez betetako merkatu batean ezin zituzten denak aztertu, eta iruzurrak aurrera egingo zuen.

1
220
2006
5
012
Kimika
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila