Kristala, ezin gardenagoa

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

kristala-ezin-gardenagoa
MIT institutuan egindako kristala (goian, ezkerrean) kristal arrunt batekin konparatuta (goian, eskuinean). Gainazalaren nanoegiturak (behean) ematen dio kristalari gardentasuna. Arg. Kyoo-Chul Park eta Hyungryul Choi

Beiraren gainazala nanokonoz eginda, lausotzen ez den eta islarik egiten ez duen kristal bat egin dute MITeko ikertzaile batzuek, Estatu Batuetan. Irudian, MITekoen kristala (goian, ezkerrean) eta ohiko kristala (goian, eskuinean) ikusten dira. Ikertzaileen lana izan da nanokonoak sortzeko metodoa garatzea. Ur-tanta ñimiñoek kondentsatzeko aukera baldin badute lausotzen da kristal bat. Nanokonoen egitura izanda, ez da halakorik gertatzen. Gainazal horretan, ura tanta handiagoetan biltzen da, eta, pisuagatik, kristalean behera erortzen dira tanta horiek. Nanokonoen altuera zabalera baino bost aldiz handiagoa da (behean), eta horrek eragozten du argiaren isla sortzea. Orain, kristal garden hori egiteko prozedura merkea garatzea da ikertzaileen erroka, merkaturatu ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila