Bi eraztuneko krater bat detektatu du Boston Unibertsitateko El-Baz geologoak satelite-argazkien bitartez. Egiptoko hego-mendebaldean dago, eta orain arte Saharan aurkitu den krater handiena da, 31 kilometroko diametrokoa. Geologoak Kebira izena jarri dio, handia. El-Bazek kraterraren aztarnak besterik ez du aurkitu, urak eta haizeak higatuta baitago, baina Ilargiko krater bikoitzen tankerakoa dela ikusi du. Geologoek oraindik ez dakite noizkoa zen, baina gutxi gorabehera 1,2 kilometroko diametroko meteorito batek sortu zuela kalkulatu dute.