Kotoi transgenikoa, izurri-sustatzaile

Kotoi transgenikoa, izurri-sustatzaile
2006/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: BLM Alaska)

Kotoi-bola suntsitzen duen harrari (Helicoverpa zea) aurre egiteko, urteak dira kotoi-landare transgeniko bat lortu zutela ikertzaileek. Genetikoki eraldatutako landareak harra hiltzen duen gai toxiko bat ekoizten du; hartara, nekazariak ez du harraren aurkako pestizidarik erabili beharrik. Hori dela eta, nekazari askok kotoi transgenikoaren alde egin dute.

Alabaina, kotoi transgenikoaren sailetan bestelako izurriak zabaldu direla ohartarazi dute Cornell Unibertsitateko ikertzaileek. Txinan, adibidez, asko hedatu da harraren aurka erabiltzen zen intsektizidak berak hiltzen zuen zomorro bat (Pseudatomoscelis seriatus), landare transgenikoak duen toxinak harrari bakarrik egiten baitio kalte. Ondorioz, orain nekazariek kotoi-sail arruntetan adina pestizida erabili behar dute, uzta ez galtzeko.

Kotoi transgenikoa landatzeak, beraz, ez du lehen baino pestizida gutxiago erabiltzea ekarri, eta, gainera, ikertzaileek uste dute bestelako arriskuak ere badaudela, hala nola beste zomorro batzuk ere izurri bihurtzea edo harra toxinarekiko erresistente egitea.

1
224
2006
10
021
Biologia; Genetika; Bioteknologia; Nekazaritza
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila