Kortisona fobia gainditzeko

Kortisona fobia gainditzeko
2006/07/01 | Elhuyar
Argazki hau erabili zuten ikertzaileek armiarmei fobia dietenekin esperimentua egiteko.
L. Soravia

Zuricheko Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera, kortisona hartzea lagungarria da hainbat fobia-mota gainditzeko. Zehazki, jende aurrean hitz egiteari eta armiarmei gehiegizko beldurra dien jendearekin egin dute esperimentua, eta bietan ikusi dute kortisonak mesede egiten diela: beldurra sortzen dien eragilearen aurrean, bihotz-taupadak ez dira hainbeste azkartzen, ez dute hainbesteko beldurrik sentitzen...

Gainera, kortisonaren eraginak dezente irauten du, eta fobia behin betiko gainditzeko ere balio dezakeela uste dute. Armiarmei fobia zietenen kasuan, bi astez eman zieten kortisona, eta tratamendua bukatu ondoren ere ez zutela fobiarik sentitzen frogatu zuten.

Nonbait, kortisonak oroimenean eragiten du, eta aurreko esperientzietan sentitu duten beldurra apaltzen du; horri esker, errazago egin diezaiokete aurre beldurra sorrarazten dien horri. Hala ere, oraindik goiz da fobien aurkako terapietan erabiltzeko, esperimentua jende gutxirekin egin baitute, eta ez baitituzte ondo neurtu dosiak, albo-ondorioak eta beste botikekin dituen elkarrekintzak.

1
222
2006
7
016
Osasuna; Giza zientziak
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila