Australiako Queensland Unibertsitateko biologo batzuek ikusi dute koral-arrezifeetako koralek eguzkitako kremen funtzio bera dutela; alegia, Eguzkiaren izpi ultramoreak xurgatzen dituzte, eta, hala, beren burua eta ekosistema horietako bizidunak babesten dituzte.
Bazekiten koralen exoeskeletoak argi fluoreszentea igortzen duela argi ultramorearen eraginpean jarriz gero. Hortik abiatuta, pentsatu zuten litekeena zela exoeskeleto horiek gaitasuna izatea izpi ultramoreen eragin kaltegarritik babesteko.
Esperimentu batean, koralekin sinbiosian aritzen diren anemona batzuk jarri zituzten, bai koralen gainean, eta bai koralek islatzen duten adina argi islatzen zuen gainazal zuri batean. Bada, ikusi zuten koralen gainean jarritakoek lau aldiz izpi ultramore gutxiago jaso zutela, eta zazpi aldiz kalte gutxiago jasan zuela haien DNAk, gainazal islatzailean egon zirenenak baino. Azaldu dutenez, exoeskeletoko kaltzio karbonatoa da babes horren eragilea: izpi ultramoreak xurgatzen ditu, eta, ondoren, askoz uhin-luzera handiagoko izpiak igortzen ditu; argi fluoreszentea, alegia.