Kolon-minbiziari aurrea hartzeko azken hamabost urteotan medikuek zahia, eta oro har zuntz begetalak, hartzea gomendatu dute. Ameriketan ordea, 34 eta 59 urte bitarteko 88.751 emakumerengan egindako ikerketa batek bestelako ondorioak eman ditu. 1990.eko abenduaren 13ko New England Journal of Medicine aldizkariak dioenez, zahia hartzearen eta koloneko minbiziaren artean ez dago inolako harremanik; ez onerako eta ez txarrerako. Bestela esan, zahiak ez du minbizi-mota honen kontra babesten.
Zerikusi handia du ordea, idiaren edo arkumearen okela jatearekin (berdin dio okela era batera edo bestera prestatzeak). Okela horiek janda arriskua 2,5 aldiz handiagoa da.
Orobat, lotura handia dago animali koipeen eta minbiziaren artean, baina batere ez landare-koipeen eta minbizi honen artean. Oilaskoa eta arraina azalik gabe janda ere, ez dago inolako kalterik.
Zahia eta janari begetalak baliagarriak dira, noski, baina okela gorrien ordez jaten direnean bakarrik. Beraz, zahia eta zuntz begetal asko hartzearekin batera okela gorri asko janda ez da ezer aurreratzen. Ameriketan egindako ikerketaren ondorioz, oilasko eta arrain gehiago eta okela gutxiago jatea gomendatzen da.
Gogora dezagun koloneko minbizia bertan okela liseritzeko behazun-gatzen kontzentrazio handia egoteagatik sortzen dela; gatz horiek kolona narriatu egiten bait dute. Zahiak eta begetalek gatz horiek hestean azkarrago pasarazten dituzte.
Bestetik, koloneko eta ondesteko minbiziak ez dira berdinak emakumeengan eta gizonezkoengan eta ezta Atlantikoaren alde batean eta bestean ere. Ondesteko minbiziak ugariago dira Europan, eta koloneko minbiziak berriz Ameriketan.