Karibeko uharte batzuetan, kolibrien mokoen itxurak eta zenbait lore-barietatek elkarrekin eboluzionatu dutela ondorioztatu dute ikertzaile batzuek. Gainera, Darwinen txontekin gertatzen zen antzera, uhartetik uhartera era desberdinean gertatu da eboluzio hori.
Ikertzaileek Science aldizkarian argitaratu dute beren lana. Lehen egindako azterketa batean, Santa Lucia uharteko purpura-koloreko kolibri arrari Heliconia hibai izeneko landarearen barietate bat gustatzen zaiola ikusi zuten; emeak, aldiz, espezie bereko beste barietate bat aukeratzen du, baita arrak baztertzen duen beste espezie bat ere: H. caribea.
Oraingo ikerketan, berriz, Dominicako uhartera jo dute, eta han juxtu aurkakoa gertatzen da: uhartearen behealdean, H. caribea landarearen bi barietate daude, eta sexu bakoitzak barietate bat aukeratzen du; goialdean, ordea, arrak bakarrik jotzen du H. hibai landarera.
Heliconia landarearen barietate bakoitzaren itxura eta sexu bakoitzaren mokoena bat datoz, eta hori kolibriek har dezaketen nektar-kantitatearekin lotuta dago. Hori ikusita, elkarrekiko eboluzioa gertatu dela ondorioztatu dute.