Kolibri baten neurriko dinosauro bat, 99 milioi urteko anbar-zati batean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

kolibri-baten-neurriko-dinosauro-bat-99-milioi-urt
Arg. Lida Xing.

Orain arte ezezaguna zen dinosauro baten garezurra aurkitu dute, 99 milioi urteko anbar-zati batean, Myanmarren. Oculudentavis khaungraae deitu diote, eta topatu duten dinosauro txikiena da (kolibri baten neurrikoa da, gutxi gorabehera). Anbarean hain ondo gorde da, ezen sakon aztertzeko aukera izan dute. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Besteak beste, zehaztu dute garezurra 7,1 mm luze dela, eta oso begi-zulo handia du, muskerrenaren parekoa. Antza denez, begi-nini txikia zuen; hortik ondorioztatu dute egunekoa zela. Neurriari buruz, berriz, gogorarazi dute txikitzea ohiko egokitzapena dela uharteetan, eta anbara sortu zen ingurunea uhartez osatuta zegoela garai hartan.

Oculudentavis khaungraae dinosauroaren garezurra. Arg. Xing et al/Nature

Gaur egungo hegaztiekin alderatuta, ezaugarri oso primitiboak eta berriak ditu nahasian. Bestalde, neurri horretako hegaztiak ez bezala, harraparia zela uste dute, hortzak baitzituen (30 inguru goian zein behean), eta intsektuak eta artropodoak jango zituela azaldu dute.

Azkenik, anbara fosilak aurkitzeko eta aztertzeko aproposa dela nabarmendu dute ikertzaileek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.