Israelen kolesterolik ez duten sagu transgenikoak hazi dituzte. Horiei esker, kolesterolak organismoan nola jokatzen duen ikertu nahi dute.
Eraldatutako genea Dhcr24 da. Kolesterola sintetizatzeko beharrezkoa den entzima kodetzen du gene horrek, eta horren faltan, saguek desmosterol izeneko konposatua sortzen dutela ikusi dute ikertzaileek. Desmosterola kolesterolaren aitzindaria da.
Kolesterolik gabeko sagu transgenikoak ohikoak baino txikiagoak ziren jaiotzean, eta, horretaz gain, antzuak ere baziren. Horri esker, kolesterolaren eta ugalketa-aparatuaren artean lotura zuzena dagoela ikusi dute.
Gizakietan, kolesterolik gabeko bi haur bakarrik ikusi dira. Mutazio baten eraginez ezin zuten kolesterolik ekoitzi eta hil egin ziren.