Klonatutako lehen txakurra

Dagoeneko abere asko klonatu dira, baina horrek ez du esan nahi teknika garatu delako edozein animalia klona daitekeenik. Batzuk erraz klonatzen dira, eta beste batzuk oso nekez. Txakurrak azken talde horretan daude, baina biologo batzuek lortu dute txakur bat klonatzea. Hego Koreako Woo Suk Hwang biologoaren taldea da klonatutako giza enbrioietatik zelula amen ikerketa-lerro bat ireki zuen lehena, hain zuzen ere.

Txakurrak klonatzeko zailtasun nagusia obuluak lortzean datza, obulutegitik ia garatu gabe ateratzen direlako. Obulua une horretan erauziz gero, laborategian garatu behar du, eta hori oso zaila da. Beraz, biologoek obulua geroago erauzi behar izan dute, garatutakoan, baina galdu baino lehen.

Zailtasun horri klonazioaren ohiko zailtasunak gehitu zaizkio txakurraren kasuan. Izan ere, askotan, prozesua ondo doala eman arren, geneak ez dira behar bezala espresatzen. Horregatik, oso kasu gutxitan egiten du aurrera esperimentuak; Hego Koreako biologoek klonatutako 1.095 enbrioi ezarri zizkieten 123 txakur emeri, eta, hala ere, hiru haurdunaldi besterik ez zituzten eragin. Horietatik bi kume besterik ez ziren jaio, zesareaz,
eta bat hil egin zen pneumoniak jota.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila