Klonatutako behi-ehunak transplantatu dituzte errefusarik gertatu gabe

Klonatutako behi-ehunak transplantatu dituzte errefusarik gertatu gabe

 

Klonazioaren abantaila handietako bat norberaren neurrira egindako transplanteak izango direla esaten da eta, ildo horretatik, aurrerapauso garrantzitsua eman dutela iragarri dute Advanced Cell Technology (ACT) laborategi estatubatuarrak, Harvard Mediku Eskolak eta Bostongo Umeen Ospitaleak. Klonazioz lortutako behi-ehunak laborategian hazi eta bihotz, hezur eta giltzurrun bihurtu dituzte.

Horretarako, klonatutako enbrioia 5-6 astez behi baten sabelean hazten utzi dute, organo-ehunak era zitezen, gero erauzi eta prozesua laborategian amaitzeko. Horrela, miniorganoak lortu omen dituzte. Gero, behi emaileari, hau da, jatorrizko ‘klonari’, giltzurrun horietako bat transplantatu diote. Nature Biotechnology aldizkariaren bidez iragarri dutenez, transplantatutako giltzurruna hainbat funtzio betetzeko gai izan da, eta ez da errefusarik gertatu.

Ikertzaileen arabera, berria oso garrantzitsua da errefusarik sortzen ez duten transplanteak egin daitezkeela frogatu dutelako. Izan ere, ohiko transplanteekin beti dago errefusa gertatzeko arriskua, beste baten organoa eta beste baten informazio genetikoa direlako; baina organoa norberaren material genetikotik abiatuta hazten bada, hau da, klonazioz, errefusaren arazoa errazago gaindi daiteke.

Behitik gizakira alde biologikoak eta legezkoak daude, ordea. Legez, giza enbrioiak ezin dira 14 egun baino gehiago in vitro hazi eta ezin da horiek baino helduagoak direnetatik ehunik erauzi. Beraz, giza organoak zeluletatik abiatuta garatu beharko lirateke laborategian, eta ez, behiekin egin duten bezala, enbrioien ehunetatik.

 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila