Zientzialari australiarrek aldaketa klimatologikoak urpean soinu-uhinak bidaliz iragar daitezkeela diote. Indiako Ozeanoko ura berotutakoan inguruko klima aldatu egiten da, montzoiei, El Niño korronteari eta abarri eraginez. Beraz, uraren tenperaturaren bilakaera ezagututa etorkizunean inguruan euri gutxiago edo gehiago egingo duen jakin daiteke.
Australiako CSIRO Marine Research-en uraren tenperaturari jarraitzeko soinu-uhinak bidaltzen dituzte puntu batetik bestera. Izan ere, ura zenbat eta beroago, hainbat eta azkarrago mugituko dira uhinok. Ozeano Barean egin dituzte probak eta emaitza onak eman ditu. Cocos uhartearen inguruan, 1.000 m-ko sakoneratik bidaltzen dituzte seinaleak eta hidrofonoak Diego Garcian, Crozet-en eta Cabo Indico-n dituzte kokatuta.
Comprehensive Nuclear Test Ban Treaty Organisation-en (CNTBTOren, legez kanpoko proba nuklearrak detektatzea helburu duen erakundearen) sare orokorreko hidrofonoak erabiliko dituzte milaka kilometroko eremuan uraren tenperatura neurtzeko.