Klimaren aztarnak sakon-sakonean

Klima aztertzeko, hamabi herrialdetako hainbat zientzialarik sakonera jotzeko asmoa dute: Ghanan dagoen Bosumtwi aintziran bi zulo egingo dituzte kilometro bateko sakonera arteko jalkinak ateratzeko. Horrekin, milioi bat urtean izan diren euri-sasoien eta lehorteen txandaketa aztertu nahi dute.

NASA

Zientzialarientzat oso interesgarria da tropikoko klima ikertzea, Lurraren klima-sisteman nola eragiten duen jakin nahi baitute. Aintzira horretatik hartutako jalkinetatik arrasto ugari jasotzea espero dute. Aztertuko duten garai horretan, gainera, gizakiak eboluzionatu egin zuen Afrikan; beraz, horregatik ere interes handia du.

Bosumtwi aintzira aukeratzerakoan, kontuan izan dute asteroide batek egindako bi kilometroko kraterrean dagoela. Atlantikoko montzoiek urez betetzen dute aintzira, eta Sahara eta Sahel basamortuetako haizeek lehortzen dute. Aintzirara ibairik iristen ez denez eta azpian pitzadurarik ez dagoenez, jalkinetan ez da aldaketarik egoten. Ondorioz, toki egokia da jalkinak biltzeko. Bide batez, kraterra sortu zuen asteroidearen arrastoak ere aztertuko dituzte.

Datorren urtean Rift bailaran dagoen Malawi aintziran antzeko azterketak egiteko asmoa du beste talde batek. Bien emaitzak alderatuta, hobeto ulertuko dute Afrika tropikaleko klima, aintzira bat mendebaldean eta bestea ekialdean baitaude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila