Klima-politiketan genero-ikuspegia txertatzea premiazkoa da

klima-politiketan-genero-ikuspegia-txertatzea-prem
Arg. BC3

Klima-politiketan genero-ikuspegia txertatzearen garrantzia eta urgentzia azpimarratzen ditu BC3 ikerketa zentroko ikertzaileek argitaratu berri duten lan batek. Gaiari buruzko literaturaren lehen berrikuspen sistematikoa da; Energy Research & Social Science aldizkarian argitaratu dute.

BC3ko ikertzaile Eva Alonso Epeldek zuzendu du azterlana. “Emakumeak, arau kulturalengatik eta baliabide naturalekiko duten mendekotasunagatik, ahulagoak dira klima-aldaketaren ondorio kaltegarriekiko; eta, hala ere, oraindik hutsune esanguratsua dago ikerketan eta generoarekiko sentikorrak diren neurrien aplikazioan”, azaldu du Alonso-Epeldek.

Klima-politiketan, genero-ikuspegia ikerketa-arlo berria da, eta duela gutxi hasi da eremu akademikoan interesa sortzen. Gaur egun, 29 argitalpen baino ez daude gai horri burz, eta gehienak azken lau urteetan argitaratu dira. Bestetik, gero eta interes politiko eta sozial handiagoa dago, eta horrek gaiari buruzko ezagutzak areagotzeko beharra berresten du.

Alonso-Epeldek nabarmendu du, halaber, ez dagoela genero-ikuspegitik klima-politiken eraginen irismena kuantifikatzen duen azterketarik, eta horrek zerikusi zuzena du generoaren arabera banatutako metodologien eta datuen faltarekin. Era berean, ikertzaileak adierazi du beharrezkoa dela diskurtso feminista eta genero-ikuspegia modu eraginkorrean sartzea genero-politiken azterketan, eta garrantzitsua dela azterlanen irismena dibertsifikatzea, eta ez jarraitzea hegoalde globaleko emakumeak birbiktimizatzen dituen diskurtsoa elikatzen.

“90eko hamarkadatik dabiltza nazioarteko erakundeak ingurumen-politikan genero-ikuspegia txertatzeko beharra azpimarratzen. Hala ere, oraindik informazio faltak zaildu egiten du zeregin hori”, dio Alonso-Epeldek.

Azterlanak ondorioztatzen duenez beharrezkoa da metodologia berriak garatzea, generoarekiko sentikorrak diren azterlan kuantitatiboak egiteko eta datuak generoaren eta beste kategoria sozial batzuen arabera bereizteko etorkizuneko ikerketetan. “Zientziak XXI. mendeko erronka handienetako batzuei aurre egiteko ezagutza erabilgarria sortzen lagundu nahi badu, garrantzitsua da arlo horretako ezagutza zabaltzea, teoria feministarekin berriz konektatzea eta identifikatutako ikerketa-hutsuneak zuzentzea”, azpimarratu du Alonso-Epeldek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila