Klima-aldaketak gaztetu egin ditu Alpeak

Alpeetan oraintsu egindako ikerketen arabera, badirudi haize hezeari zor diotela Alpeek beren itxura liraina eta gaztea.

Mendiek hazteari uzten diotenean, higadurak desagerrarazi egiten ditu pixkanaka-pixkanaka. Alabaina, mendi batzuk berpiztu egiten dira, eta ikertzaileek ez zuten ulertzen nola gertatzen zen hori. Alpeetan oraintsu egindako ikerketen arabera, badirudi haize hezeari zor diotela Alpeek beren itxura liraina eta gaztea.

Jalkinak aztertuta, geologoek ikusi dute higadura nabarmenena duela 5 milioi urte gertatu zela. Garai hartan, Panamako itsmoa itxi egin zen, eta horrek golkoko korrontea areagotu zuen. Horren ondorioz, euri asko egin zuen, eta Alpeak izugarri higatu ziren.

Bat-batean hainbeste masa galtzeak mendiak gorantz egitera bultzatu zituela proposatzen dute ikertzaileek, arroka kontinentala mantuarena baino arinagoa baita. Horrek ekarri du, beraz, Alpeek hain itxura gaztea izatea Europaren eta Afrikaren arteko talka duela milioika urte gelditu zen arren. Nolanahi ere, beste geologo batzuk ez datoz bat ikerketaren ondorioekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila