Kedarra ere atmosferaren etsai

Berotegi-efektua aztertzen duten zientzialariek orain arte kasu handirik egin ez badiote ere, tximiniak eta ibilgailuetako ihes-hodiak belzten dituen kedarra atmosferaren beroketaren arrazoi nagusietakoa izan daiteke; hain zuzen ere, beroketa globalaren % 15 eta 30 bitartean substantzia horrek eragindakoa izan daiteke. Ondorio horretara iritsi dira, behintzat, Los Angeleseko Kalifornia Unibertsitateko ikertzaileak. Kedarra, nagusiki, karbonoz osatua dago.

Atmosferara isurtzen den % 90a erregai fosilen errekuntzan sortzen da, batez ere gasolioaren, kerosenoaren eta gas naturalaren errekuntzan, eta baita zura eta beste biomasa-mota batzuek erretzean. GATOR-GCMM izeneko simulazio-ereduaren bidez lortutako emaitzen arabera, kedar puruaren partikulek, atmosferan sartu eta bost egunera, hautsa, itsasoko aparra, sulfatoak eta beste substantzia batzuek dituzten nahasteekin bat egiten dute. Eta, jakina denez, karbonoa duten nahasteek eguzki-erradiazioa xurgatu eta atmosferaren eta, beraz, lurraren berokuntza areagotzen laguntzen dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila