Karniboroa izatekotan, txikia hobe

(Argazkia: J. R. Aihartza).

Karniboroa bazara, handia izatea ez da hain ona. Ipar Amerikako fosilekin egindako ikerketa baten arabera, kanidoek handiago egiteko joera zuten. Horrek harrapakin handiagoetara jotzera behartu zituen, baita lehenago iraungiarazi ere.

Ikerketarako oinarria 1999ko beste ikerketa bat izan da. Orduan, egungo espezie karniboroak ikertu zituzten eta 21,5 kilo baino gehiagoko espezie karniboroen dieta, txikiagoekin alderatuta, desberdina dela ondorioztatu zuten. Izan ere, euren pisua baino txikiagoa den edozer jan ordez, eurak baino handiagoak diren harrapakinak ehizatzen dituzte. Hots, hiperkarniboroak dira.

Orain, Blaire Van Valkenburgh-ek Ipar Amerikako kanidoen fosilak ikertu ditu iraganean hori bera gertatzen zen baieztatu eta epe luzeko ondorioak aztertzeko. Eta bai, iraganean ere halatsu zen. Gainera, hiperkarniboroak 5 milioi urtean edo gutxiagoan iraungi egin zirela ondorioztatu du, eta karniboro txikiagoek eta omniboroek 12 milioi urte iraun zutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila