Kantuak ikasten eta soinuak imitatzen trebeak diren txoriek gaitasun kognitibo handiagoak dituztela ondorioztatu dute, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.
Animalia oso gutxi dira gai entzundako soinuak ahoz errepikatzeko eta ikasteko; ugaztunen artean, gizakiak, elefanteak, zetazeoak, fokak eta saguzarrak, eta, hegaztien artean, txori kantariak, loroak eta kolibriak. Eta horretarako gaitasun kognitibo handiak behar direla jotzen zen arren, orain arte ez da lortu bi ezaugarri horien arteko loturaren ebidentzia argirik.
Ikerketa honetan txori kantariak aztertu dituzte; zehazki, 23 espezietako 214 txori. Espezie horien ahozko konplexutasuna neurtu dute, kontuan hartuta zenbat kantu eta dei dauden haien errepertorioan, kantu berriak ikasteko gai diren, eta beste espezie batzuk imitatu ditzaketen. Eta txori horiekin hainbat esperimentu egin dituzten, haien gaitasun kognitiboak neurtzeko, hala nola problemak ebazteko gaitasuna, asoziazioak egitekoa, eta autokontrola.
Azterketa estatistikoek agerian utzi dute korrelazio handia dagoela problemak ebazteko gaitasunaren eta ahozko ikasketarako gaitasunaren artean. Aztertu zituzten txorien artean, arabazozoak (Sturnus vulgaris), eskinoso urdinak (Cyanocitta cristata) eta miaulari grisak (Dumetella carolinensis) izan ziren soinuak ikasten trebeenak, eta baita problemak ebazten eta oztopoak gainditzen ere. Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute espezie trebeenek garun handiagoak dituztela gorputzaren tamainarekiko.
Elhuyarrek garatutako teknologia