Kameleoiek azaleko egitura-aldaketen bidez aldatzen dute kolorea

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

kameleoiek-azaleko-egitura-aldaketen-bidez-aldatze
Madagaskarko Furcifer pardalis kameleoi ar heldu bat. Arg. Michel C. Milinkovitch, www.lanevol.org

Kameleoiek azaleko egitura-aldaketen bidez egiten dituzte kolore-aldaketa azkarrak. Genevako Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute azalak argia desberdin islatzea eraginez aldatzen dutela kolorea, eta ez, beste animalia batzuek bezala, pigmentuak pilatuz edo barreiatuz. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lana.

Kolore-aldatzeko gaitasuna funtsezkoa da kameleoientzat. Gaitasun hori kamuflatzeko eta harreman sozialetarako erabiltzen dute. Ikerketa honetan aztertu duten Madagaskarko Furcifer pardalis kameleoiaren kasuan, ar helduek dute kolorea aldatzeko gaitasun handiena. Eme baten edo ar arerio baten aurrean daudenean, minutu pare batean berdetik horira edo laranjara pasatzen dira, orban urdinak zuritu egiten dira, eta gorriak biziago egiten dira. Ikertzaileek ikusi dute kolore batetik bestera pasatzean, azaleko zelula-geruza bateko guanina-kristalen arteko tartea handitu edo txikitu egiten dela (% 30).

Horrez gain, guanina-kristal handiagoak dituen bigarren geruza bat ere aurkitu dute. Eta ikusi dute geruza horrek eguzki-erradiazioa islatzen duela, batez ere infragorri hurbila. Ikertzaileek iradoki dute bigarren geruza horren funtzioa eguzkitiko erradiaziotik babestea izan litekeela. Eta, gehitu dute bigarren geruza horren egitura aldatzeko gaitasuna izango balute, termoerregulazioko mekanismo bat ere izan litekeela.

F. pardalis ar heldu baten kolore–aldaketa ikus daiteke bideo hauetan. Lehenengoan, beste ar bat aurrean jarri zaiolako kitzikatzean egiten duen aldaketa;  eta bigarrenean, berriz, arerioa bistatik kendu eta erlaxatzean egiten duena.  Bideoak 8 aldiz azkartuta daude, eta hasierako irudia mantentzen da koadro txikian, aldaketa hobeto nabaritzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila