Kalamuan THCa eta kanabidiola neurtzeko teknika merke eta azkar bat proposatu dute

kalamuan-thca-eta-kanabidiola-neurtzeko-teknika-m
Arg. Herbal Hemp / Pixabay

Kalamuan THCa eta kanabidiola neurtzeko infragorri hurbileko espektroskopia teknika merkea eta azkarra dela erakutsi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek, Agronomy aldizkarian argitaratutako lan batean.

Kompolti kalamu landareekin egin dute lan ikertzaileek. Kalamu industrialaren barietate bat da, psikotropikoen kantitate txikia duelako (hala nola THC), baina psikotropikoa ez den kanabidiolarena (CBD), aldiz, handia. Nahiz eta barietate hori baimenduta egon, uztak THC maila baxuak dituela egiaztatu behar da, eta erreferentziako laborategi batean egin behar da hori. Kromatografia likidoa erabiltzen da horretarako. Arazoa da egunak behar direla emaitzak eskuratzeko, eta prozedura garestia dela.

Bada, ikertzaileek frogatu dute Infragorri hurbileko espektroskopia azkarragoa, merkeagoa eta jasangarriargoa dela kromatografia likidoa baino. Izan ere, emaitzak unean bertan eta merke lor daitezke, ez du erreaktibo kimikorik behar eta ez du hondakinik sortzen. Ikertzaileek azaldu dutenez, oraingoz, ezin du erreferentziako laborategiko kromatografia likidoa ordezkatu, baina aukera emango luke zer emaitza lortuko diren aurrez jakiteko, baita soroan ere, uzta bildu aurretik.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila