Jariakin Magnetorreologikoen bitxitasuna


Jariakin Magnetorreologikoak dudarik gabe naturako jariakin bitxienak dira, dituzten ezaugarri magnetikoak eta portaera direla eta. Jariakin hauek egoera normalean beste jariakinak bezalakoak dira, baina eremu magnetikoaren eraginpean “izoztu” egiten dira, hau da, egoera solidora pasatzen dira.

Fenomeno honen arrazoia jariakinen egituran datza; jariakin ez-magnetikoan (adibidez olio mineralean) disolbaturiko karbonil partikula finez osaturik daude. Karbonil izeneko osagaia paramagnetikoa da, hau da, magnetikoa ez izan arren eremu magnetikoaren eraginpean magnetiko bihurtzen da, eta, beraz, jariakin magnetorreologikoari eremu magnetikoa ezartzen zaionean karbonil partikula finak magnetizatu egiten dira eta kate luzetan elkartzen dira, jariakina kristalizatuz.

Material hauen erabilpen-arloak asko dira; adibidez, kamioietako aulkietan kolpeleungailu bezala erabiltzen dira, eta eraikuntza-arloan lurrikaren energia sismikoa zurgatzeko erabil daitezke. Standford Unibertsitateko ikerlari-talde bat jariakin hauek laborategi-txipetan balbula bezala erabiltzea pentsatzen ari da, baina horretarako lehenik mikrojariakin moduan dituzten ezaugarriak aztertu behar dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila