Elhuyar Fundazioa
Ingalaterran Yorkshire-ko Marton-en (Cleveland-en) 1 728.eko otsailaren 28an jaiotako itsasgizon hau batez ere Ozeanoetan zehar nabigatuz lurralde berriak deskubritu zituelako da ezaguna. Dena den, kartografia dietetika eta behaketa astronomikoen arloan ere zientziari egindako ekarpena ez zen txikia izan eta, horregatik, hemen berri ematea interesgarria dela derizkiogu.
James Cook nekazari pobre batzuen semea zen eta oso gazterik denda batean hasi zen lanean. Gero untzigile batzuekin ofizioa ikasi eta bere merituei esker kabotaiuntzietan nabigatuz kontramaisu egin zuten. Zortzi urtez aritu zen Ipar itsasoan merkatal untzietan, 1755.ean Itsas Armadara sartu zen arte. 1759.ean kapitain gradua lortu zuen eta J. Wolfe-ren Quebec-en kontrako espedizioan izan zen.
Urrutiko itsasoetara egindako bidaiak, Ozeanoek eta Lurrak geografikoki zuten izaera hobeto ezagutzeko ziren. 1760.az gero urte batzuk igaro zituen Labrador eta Ternuako kostaldea esploratuz. 1766.eko abuztuaren 5ean, Eguzki-eklipsea aztertu zuen Ternuako Ray lurmuturretik.
1768. urtean, Royal Society-ren babespean eta Almirantegoaren aginduz Ozeano Bareko hegoalderako espedizioan buru izan zen. Endeavour untzian joan zen Artizarra Eguzkiaren aurrean nola igarotzen zen ikustera. Tahiti irlatik egin zizkieten aipatutako bi astroei beren azterketak. Ondoren irla eta artxipelagoa bere erregearentzat konkistatutzat jo zituen, Sozietate irlak izena (Royal Society-ren ohorez) ipini zielarik.
Zeelanda Berriaren inguruan ere ibili zen, irlen mapa egin zuelarik. Australiako hegoekialdeko kosta ikusi zuen (1770.eko apirilaren 19an). Ekialdeko kosta inguratuz europarrek artean esploratu gabe zeukaten kontinente haren tamainaz jabetu zen, eta 1770.eko abuztuaren 23an bere erregearen lurraldetzat aldarrikatu zuen. Esperantza Oneko itsasartetik 1771.ean Britainia Haundira itzuli zen, baina 1772.ean (uztailaren 13an) bi untzirekin beste espedizio handi bati ekin zion. Hegoaldeko itsasoetara abiatu zen eta Australia alde batera utzita Antarktiar Zirkulu Polarreraino beste kontinente handirik ez zegoela frogatu zuen. Beraz, poloak izan ezik, Lurreko itsaso guztiak aurkiturik zeuden.
Ozeano Barera egindako bigarren espedizio hartan, Cookek Lind-en dietetikari buruzko teoriak probatu ahal izan zituen. Marinelei limoia janaraziz eskorbutu-arazorik ez zuen eduki, adibidez. Horregatik Royal Society elkarteak domina eman zion. Ozeano Barera (bere hirugarren espedizio nagusira) 1776.eko uztailaren 12an abiatu zen, Resolution eta Discovery untziekin. Ozeano Barean iparraldetik hegoaldera nabigatu zuen eta helburua Ozeano Baretik Atlantiar Ozeanora pasabideren bat aurkitzea zen, baina porrot egin zuten, noski.
1778.ean Sandwich irlak aurkitu zituen Hawaiin eta handik Iparramerikako kostaldea aztertzera abiatu zen. Bering itsasarteko izotzak zirela eta, Hawaiira itzuli zen. Bertako biztanleei janariak kentzen zizkieten eta tirabirak sortu ziren. Cook berak hawaiitar bat hil zuen, eta Cook berriz, sastagaiz jota hil zuten Kealakekua-ko badian 1779.eko otsailaren 14ean.