Jaioberrien babes-sistema

Oso arrunta da jaioberriei pikor gorriak ateratzea azalean. Sendagileek bazekiten igarokorrak direla eta ez direla gaixotasun baten adierazle. Orain, ordea, jaioberrien sistema immunearen erantzun bortitzaren adierazle direla ikusi dute ikertzaile batzuek.

Suediako Karolinska Ospitalean egindako ikerketa baten arabera, bakterioak umearen azaleko zelulekin kontaktuan jarri orduko, jaioberriak globulu zuri ugari ekoizten ditu. Babes-sistema horren adierazle dira pikor gorriak.

Halaber, antibiotikoen moduko substantziak aurkitu dituzte jaioberriaren azala estaltzen duen gantzean, eta baita jaioberriaren azalean ere. Horri esker, infekzioetatik babestuta daude haur jaioberriak. Argi dago, beraz, jaioberriek sistema immune eraginkorra dutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila