Izurri beltzak gure immunitate-sistema eraldatu zuen

Izurriaren garaian gaitzaren aurrean babesa eman zuten geneek, gerora, gaitz autoimmuneekiko zaugarriago egin dituzte gizakiak

izurri-beltzak-gure-immunitate-sistema-eraldatu-zu
1348 eta 1349 urteetan East Smithfield-en (Londres) modu masiboan hilobiratutako pertsonen DNA-laginak aztertu dituzte ikertzaileek. Arg. Londreseko Arkeologia Museoa (MOLA).

Izurri beltzak gogor jo zuen gizadia duela 700 urte; munduko biztanleen % 30-50 hil zen bost urtean. Ikertzaileek uste dute izurri hark, aldaketa sozial eta kulturalez gain, gizakiengan presio selektibo esanguratsua ekarri zuela, eta immunitate-sistema bera eraldatu zuela. Orain jakin da zertan eraldatu zuen gizakien immunitate-sistema. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, Yersinia pestis bakterioari aurre egiten eraginkorrak ziren aldaera genetikoak hedatu ziren. Izurria geldiarazten lagundu zuen horrek, baina albo-ondorio bat ere izan zuen giza immunitate-sisteman: gaitz autoimmuneak izateko joera areagotu zuen.

Ikerketa egiteko, izurri beltzaren garaian Londresen eta Danimarkan hilobiratutako 200 banakoren hezurretatik DNA erauzi, eta urte batzuk lehenago eta geroago hildakoenarekin alderatu dute. Yersinia pestis bakterioarekiko nolabaiteko erresistentzia ematen duten lau gene identifikatu dituzte. Horietako bat bereziki esanguratsua zela konturatu dira ikertzaileak: ERAP2 genea. Izan ere, immunitate-sistemari infekzio-agenteak detektatzen laguntzen dio; hain zuzen, gene horren aldaera jakin bat zutenek proteina funtzional gehiago sortzen zutela ikusi dute. Horri esker, haien immunitate-sistema eraginkorragoa zen gaitzari aurre egiten.

Izurri beltzak aldaera genetiko hori zutenak bizirik irautea eta beste aldaerak baino gehiago zabaltzea eragin zuen, ikertzaileen arabera. Gaitzarekiko erresistentzia garatzen lagundu zuen horrek, eta asko murriztu zuen geroagoko izurrien eragina. Baina bestelako eragina ere izan zuen; izan ere, aldaera genetiko horiek gaitz autoimmuneekin ere lotuta daude. Hala, izurri beltza gainditu izanak gaitz autoimmuneak izateko joera handitu du, hala nola artritis erreumatoidea eta lupus eritomatoso sistemikoa.

Ikerketa horrek agerian jarri du pandemiek gizadia aldatzeko ahalmena badutela; sozialki, kulturalki zein genetikoki. Ez epe laburrean bakarrik; baita luzera begira ere. Eta aldaketa horiek gizakien etorkizuna molda dezaketela. Galdera berriak sortu ditu, gainera: nola eraldatu du gizadia pasa berri den pandemiak?
 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila