Izurde jaioberriek ez dute lorik egiten

Ugaztunen artean, zetazeoek oso talde berezia osatzen dute. Berezitasun batzuk begi-bistakoak badira ere, pixkanaka beste batzuk aurkitzen ari dira zoologoak. Esate baterako, Estatu Batuetako zoologo batzuek aurkitu dute izurde eta orka jaioberriek hilabete ematen dutela lorik egin gabe. Ugaztun gehienetan alderantzizkoa gertatzen da, gizakia da horren adibide garbia; bizitzaren lehen hilabetean lo asko egiten dute kumeek, gorputzari behar bezala garatzen laguntzeko. Izurdeetan, kontrakoa gertatzen da.

Izurde helduei, garun osoaren ordez hemisferio bakarrak hartzen die lo.
Eta, txandaka, hemisferioek loaldi laburrak egiten dituzte. Jaioberrietan,
berriz ezta hori ere; ez dute lorik egiten. Lorik ez egiteak abantaila batzuk ditu. Alde batetik, harraparietatik ihes egiteko aukera handiak ematen ditu babesik gabeko itsasoan, eta, beste alde batetik, gorputzari beroa ez galtzen laguntzen dio, zetazeoari geruzak eratzen zaizkion bitartean. Baina lorik ez egiteak desabantaila larri batzuk ere baditu. Loa beharrezkoa da beste ugaztunetan, eta ez kume direnean bakarrik. Laborategiko arratoiei heriotza eragin zaie lorik egiten ez utzita. Gizakietan ere kalte larriak sortzen ditu. Horregatik, zientzialariek ez dute ulertzen nolatan lortzen duten izurdeen kumeek kalterik ez izatea bizitzaren lehen hilabete horretan.

Zoologoei zalantza txiki bat geratu zaie. Ikusi egin dute izurde jaioberriek ez dutela lorik egiten —arnasa hartzera oso maiz ateratzen direlako—, baina kumeen garuneko jarduera neurtzea komeniko litzateke loaren kontua hobeto ikertzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila