Hotza biriketako tumoreak hiltzeko

Krioablazio izeneko teknika eraginkorra da metastasiak biriketan eragindako tumoreetan

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

izotza-biriketako-tumoreak-hiltzeko
Arg. © Sebastian Kaulitzki/123RF

Zero azpiko ehun graduan dagoen orratz bat aplikatzea modu eraginkorra da biriketan hazitako tumoreen zelulak hiltzeko. Sistema hori, krioablazioa, erabiltzen da beste gorputz-ataletako tumoreekin, prostatakoekin eta giltzurrunekoekin batez ere. UCLA Unibertsitateko talde batek sistema beraren eraginkortasuna aztertu du biriketara zabaldutako minbizien kasuetarako. Emaitzak SIR erakundearen azken kongresuan aurkeztu dituzte.

Orratza tumorea dagoen tokiraino sartzen dute medikuek X izpien irudiek gidatuta, eta, han, gas batez orratza azkar hozten dute. Horrek izotz-kristalak sorrarazten ditu tumorearen zeluletan, odola koagulatzen du gune jakin horretan eta apoptosia abiarazten du, hau da, zelulen heriotza. Zelulak hilda, tumorearen hedapena eten egiten da. Hotzaren efektua tumorea dagoen gune jakin horretan bakarrik izaten da, eta hori oso garrantzitsua da birikaren kasuan, inguruko ehuna oso sentikorra baita.

UCLAko Unibertsitatekoek egin dituzten probetan, paziente bakoitzak 27 saio  jaso ondoren, tumore guztiak hil dira. Horrek ez du esan nahi minbizia bera sendatzen denik, baina, tumoreak desagerrarazita, pazientearen bizitza luzatzea espero dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila