Izotz gogorra eta molekula organikoak, Philaeren lehen emaitzen artean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Philae zundak 64 ordu egin zituen Churyumov-Gerasimenko kometaren azalean, bateria agortu aurretik. Zorionez, ez zen egonean egon, eta aukera izan zuen lana egiteko eta datuak bidaltzeko, lozorroan sartu aurretik. Orain, ikertzaileak datu horiek aztertzen ari dira, eta dagoeneko lortu dituzte emaitza batzuk.
izotz-gogorra-eta-molekula-organikoak-philaeren-le
Rosettaren Osiris kamerak jasotako irudiekin osatutako mosaikoan, Philaek kometaren azalean egindako bidea ikus daiteke. Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

Lehen emaitzak, dena den, artean martxan zegoela ikusi zituzten. CIVA kamerak hartutako irudiak ziren; haien arabera, kometaren azala arrokatsua eta malkartsua da, eta hautsez estalia dago.

Orain, MUPUS tresnari esker, hauts-geruza horrek 10-20 zentimetroko lodiera duela jakin dute, eta ezusteko bat ere jaso dute: horren azpian izotza dago, eta gogor-gogorra da. Ikertzaileek ez zuten halakorik espero, izotzak elurraren edo klarionaren antzeko egitura izango zuela uste zuten. Ez da hala, nonbait: zulagailua ez da izotza zeharkatzeko gai izan, eta SESAME tresnak ere haren gogortasuna baieztatu du. Horrekin batera, Philae dagoen eremuaren jarduera txikia dela iradoki dute SESAMEk bidalitako datuek.

COSAC eta PTOLEMY tresnek ere eman dezakete ezustekoren bat. Haien egitekoa da kometaren osagaia molekularrak detektatzea eta identifikatzea da, eta ikustea ea haien kiralitatea bat datorren Lurreko molekulenarekin. Oraindik jasotako datuak aztertzen ari badira ere, badirudi badaudela molekula organikoak kometan; beraz, litekeena da laster emaitza are esanguratsuagoak jasotzea.

Haiekin batera, beste tresnek jasotako neurketen emaitzak ere jakinarazten joango dira. Horien artean, ROMAPenak. Beste ardura batzuen artean, kometaren eremu magnetikoa aztertu behar zuen, eta, paradoxikoa dirudien arren, Philaek bi bote eman izanak lagundu egin dio bere egitekoan, boteei esker aurreikusitakoa baino eremu zabalagoa neurtu duelako.

Gainera, ESAkoek ez dute baztertzen Philae berriz martxan hartzeko aukera, Eguzkira gehiago hurbildu eta argi gehiago izandakoan. Horrenbestez, ez dute zalantzarik: zailtasunak zailtasun, Philaeren kometaratzea arrakastatsua izan da, guztiz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila