Izarra ala kometa?

Izarra ala kometa?
2008/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: ESA/NASA/A. Dyer)

Espazioko argi-puntu berri batek nahastuta izan ditu astronomoak. Haietako batzuek pentsatu zuten izar berri bat aurkitu zutela, dirdira berri bat ikusten baitzuten. Baina kometa-behatzaileek eman zioten azalpena distira horri: ez zen izar berri bat, kometa bat baizik. Horren bat-bateko eta izugarrizko argitasuna izan zen nahasketaren erruduna.

Batzuk nahastu baditu ere, aspaldi ezagutzen zuten kometa-behatzaileek kometa. Izan ere, 1892an aurkitu zuten, eta 17P Holmes izena jarri zioten. Baina, bat-batean, kometen argitasuna neurtzeko eskalan 17tik 2ra igo zen urrian. Hau da, milioi bat aldiz biderkatu zuen bere argitasuna, eta, abenduan, Lurretik begi hutsez ikus zitekeen oraindik. Zerura begiratzen zuen edozeinentzat izar hori lauso baten itxura zuen kometa honek. Astroen argitasuna neurtzeko, magnitudeen eskala bat erabiltzen da, eta, zenbat eta zenbaki txikiagoa, orduan eta argitasun handiagoa. Begi hutsez, 6 magnitudetik beherakoak bakarrik ikus daitezke, eta teleskopio onenarekin ere ezin dira 30 magnitudetik gorakoak ikusi. Beraz, bat-bateko gorakada honen aurretik ezinezkoa zen teleskopiorik gabe kometa hau ikuskatzea.

Astronomoek oraindik ez dakite zergatik handitu den horrenbeste 17P Holmes-en argitasuna. Uste dute posible dela kometaren izotzezko nukleoa hautsita egotea. Horrela, eguzki-izpiek nukleora sartu, izotza urtu eta haustura izugarri bat sortuko lukete. Hausturaren ondorioz, kometaren nukleoak gas- eta hauts-kantitate handiak jaurtiko lituzke, eta jaurtitako material horrek eguzki-argi gehiago islatu eta ezohiko argitasun hori sortuko luke, kometek ez baitute berezko argitasunik.

1
238
2008
1
010
Astronomia
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila