Garuneko gune batzuk kitzikatuta, oroimenari iruzur egin daitekeela erakusten duten zenbait esperimentu argitaratu da azkenaldian. Besteak beste, saguak oroitzera behartu edo, alderantziz, oroitzapenak ezabatzea lortu dute ikertzaileek. Oraingoan, saguek leku jakin batzuk bereziki gustuko izatea lortu dute, lotan zeudela haien oroimena eta sari-sistema manipulatuta.
Hain zuzen ere, lotan gaudela, egunez bizitako esperientziak oroitzen ditu garunak; fenomeno hori ezaguna da neurologoentzat, eta funtsezkoa da ikasketa-prozesuan. Parisko Fisika eta Kimika Industrialeko Goi Eskolako ikertzaileek une hori baliatu dute, oroimen berriak txertatzeko saguen garunean.
Hala, egunez leku batetik bestera zebiltzala, jarraipena egin diete ikertzaileek, eta aktibatzen diren zelulak identifikatu dituzte. Zelula horiek garunaren GPSaren sistemaren parte dira; hain justu, sistema hori aurkitu eta ikertu zuten ikertzaileek jaso zuten iaz Medikuntzako Nobel Saria.
Gero, saguak lotan zeudela, saguetako batzuei garuneko sari-sistema aktibatu diete, leku jakinekin lotutako zelulak aktibatzearekin bat. Hurrengo egunean, sariarekin erlazionatutako lekuetara joateko joera zutela frogatu dute ikertzaileek. Sari-sistema aktibatu ez zieten saguek, berriz, ez zuten inora joateko joera berezirik.
Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dute esperimentua. Ikertzaileen ustez, haien ikerketa baliagarria izango da oroimenarekin lotutako asaldurak dituztenentzat terapia eraginkorrak lortzeko bidean.
Elhuyarrek garatutako teknologia