Itsuek besteek baino hobeto entzuten dute?

Uste oso zabaldua da: ikusmena ez den beste zentzumen guztiak oso garatuta dituzte itsuek. Dena dela, neurologo batzuek baieztatu egin nahi izan dute uste hori, entzumenari dagokionean behintzat. Eta baieztatu dute.

Eta, gainera, ikusi dute garunak ikusmena kontrolatzeko erabiltzen duen zatia entzumena kontrolatzeko ere erabil dezaketela.

Ikerketa hori bi motatako esperimentuen bitartez egin dute. Alde batetik, pertsona-talde baten entzumena aztertu zuten; taldean itsuek eta ikusten zuen jendeak hartu zuen parte, eta belarri bakarra erabilita egin zituzten probetan argi ikusi zuten itsuek soinu gehiago bereizten zituztela.

Bestetik, entzuteak berak eragiten duen garun-jarduera neurtu zuten zientzialariek; positroien tomografiaren bitartez aurkitu zuten ikusmena kudeatzen duen garunaren zatiak entzumena ere kudea dezakeela, eta, horregatik, itsuek besteek baino garun-jarduera handiagoa dute entzutean.

Esperimentu horietan ez dute beste zentzumenik aztertu, baina ez litzateke harritzekoa izango haiekin ere antzeko jokabidea izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila