Itsaso Hila salbatzeko planak

Itsaso Hilaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Izan ere, etengabe ari da lehortzen.
NASA

Itsaso Hilaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Izan ere, etengabe ari da lehortzen, eta haren babesean garatu diren ekosistemak harekin batera ari dira desagertzen. Jordan ibaia da itsasoaren ur-iturri nagusia, baina historian zehar egindako kanalizazio- eta desbideratze-lanen ondorioz, ibaiaren emariaren % 10 baino ez da heltzen hara gaur egun.

Munduan parekorik ez duen lekua da Itsaso Hila. Horregatik, Jordaniako gobernuak plan bat kaleratu du inguru hori salbatzeko. Haien asmoa Itsaso Gorritik ura eramatea da. Horretarako plangintza teknikoa eginda dago, eta, gainera, Israelgo eta Palestinako agintariak ados daude. Hala ere, dirua falta dute, eta nazioarteari eskatu diote hori lortzeko laguntza.

Hainbat adituk planaren ondorioei buruzko kezkak azaldu dituzte, ordea. Itsaso bietako ura oso desberdina da, eta Itsaso Hilaren izaera erabat alda daiteke gazitasun gutxiagoko ur-kantitate handiak gehituz gero. Gainera, Itsaso Gorriaren ertzetan dauden ekosistema garrantzitsuetan ere eragin kaltegarriak izan ditzakete lanek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila