Ostrak jatea atsegin duen jendea zorioneko dago, haiek sor ditzaketen gaitzak antzemateko gai den test hobea asmatu baita. Ostrek ehunka litro ur iragazten dituzte egunero eta hondakin-uren arrastoak iragaziz gero, gizakioi gaixotasunak sor diezazkiguten birusak harrapa ditzakete. Gaixotasuna eragiteko behar den birus-kopurua hain da txikia, non oso zaila den horiek antzematea.
Ostrek gainera, polimerasa-erreakzioa inhibitzen duten konposatu naturalak dituzte eta horrek gehiago zailtzen du birusen bilaketa, erreakzio hori erabiltzen baita birusen DNA eta RNA kateen ugaltzea eragin eta detektatzeko moduko birus-kantitateak sortzeko. Ipar Karolinako Unibertsitateko ikertzaileek arazoa konpontzeko modua aurkitu dute: ostrek dituzten inhibitzaile naturalak erauzi egiten dituzte asmatutako testaren bidez. Testak emaitza onak eman ditu egindako probetan.
Hurrengo pausoa teknika hobetzea da eta, hori lortuz gero, ostra kutsatuak merkatura iritsiko ez direla ziurtatuko duen metodoa izango dugu.