Itsas txakurrei behin-betiko agur?

Itsas txakurrek bakailao-populazioari eraso egiten diotela esanez, Kanadako eta Norvegiako gobernuek 300.000 ale garbitzeko baimena eman dute. Horretarako oinarri zientifikorik ez dagoela behin eta berriro esan izan bada ere, aurtengo sarraskia gerarazteko modurik ez da izan. Eta datorren urtekoa?

Bakailao-populazioari eraso egiten omen diote eta hortaz, 300.000 itsas txakur akabatzeko baimena eman dute Norvegiako eta Kanadako gobernuek. Kanadak 10.000 lizentzia inguru banatu ditu arrantzaleen artean eta garbitutako itsas txakur bakoitzeko 3.000 pezeta inguru emango zaie arrantzaleei. “Egitasmo” honen helburua 2.000. urterako 1.250.000 itsas txakur desagertaraztea da, horrek arrantza-sektoreari mesede itzela egingo diolakoan. Horiexek irakurle, ofizialki emandako datuak. Eta hortik, irakurle, talde ekologisten eta herritarren haserrea.

Izan ere, itsas txakurrek jaten dutenaren eta bakailao-populazioak azken urteotan izan duen beherakadaren artean lotura zuzena egiterik ez dagoela esan daiteke eta horrelaxe esan izan du Animalien Babeserako Nazioarteko Erakundeak. Greenpeacek dionez, itsas txakurrak garbitzeak bakailao-populazioari eusteko modua eskainiko duenik ezin daiteke esan eta beraz, eragin horri buruzko frogarik ez dagoenez, gobernuek emandako baimena bertan behera uzteko eskatu dute.

Kanadako herritarren % 70 inguru, gobernuak emandako baimenaren kontra agertu da. Norvegiako gobernuak neurri horren balio ekologikoa azpimarratu du, itsas txakurren populazioa neurririk gabe hazten ari zela eta “oreka ekologikoa” bultzateko bidea eskainiko duela esanez.

Merkatuaren erantzuna nolakoa izango den ikusteke dago oraindik. Greenpeacek salatu duenez, bi gobernuek itsas txakurren okela komertzializatzeko kanpaina berria aurki jarriko dute martxan. Itsas txakurraren zakila esate baterako, afrodisiako gisa erabiltzen da Asiako zenbait lekutan, eta aleko 25.000 pezeta inguru egin ohi du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila