Itsas txakurrak, mehatxatuta

Herbehereetako eta Danimarkako itsas txakurren artean birus bat ugaritzen ari dela iragarri dute zientzialariek. Birus horrek mukieria eragiten die itsas txakurrei, eta 1988an Ipar Europako populazioaren erdia hil zuen, 18.000 ale, gutxi gorabehera. Biologoak oso kezkatuta daude, gauza bera gertatzeko arriskua dagoela eta.

Zientzialariek uste dute oraingoan birusa Anholt uhartean kutsatu dela lehen aldiz; eta, airetik kutsatzen denez, eztulak eraginda oso azkar zabaltzen da. Albert Osterhaus biologoak esan duenaren arabera, bigarren epidemia hau ez da iritsi 1988ko epidemiaren neurrira, baina dagoeneko 1.200 itsas txakur hil dira.

Gainera, gehienez itsas txakurren bosten batek bakarrik garatu zuen birus horrekiko erresistentzia 1988ko epidemian. Horregatik, Ipar Europako kolonia batzuek beste batzuek baino arrisku handiagoa duten arren, biologoek larritzat jo dute egoera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila