Duela 56 milioi urte 5-9 ºC igo zen tenperatura globala, geologiaren ikuspuntutik laburra den tartean: 200.000 urte iraun zuen, eta inpaktu ekologiko handia izan zuen animalia nahiz landareetan. Berotzearen eragilea itsas mailaren jaitsiera ikaragarri bat izan zela pentsatu izan da orain arte. Hipotesi horren arabera, itsasoan urpean zeuden sedimentuak agerian gelditu ziren itsas maila jaitsi zenean, eta horiek eragin zituzten CO2-aren emisioak.
Orain, EHUren Paleogenoaren Ikerketa Taldeak egindako ikerketa batek alde batera utzi du hipotesi hori. Itsasoak atzera egin zuen bai —uste da 20 bat metro jaitsi zela— baina ikertzaileek baztertu egin dute horrek berotegi-efektuko gasen emisiorik eragin zuenik. “Aldi berean gertatzen dira, baina ez dago kausa-efektu erlaziorik”, esan du Victoriano Pujaltek, EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta lanaren ikertzaile nagusiak: “Zalantzan jartzen dugu jaitsiera hura izatea berotze aldiaren eragilea, nahiz eta beharbada lagundu egin zuen”.
Ondorio hau ateratzeko Paleozeno-Eozenoko arrokak aztertu ditu paleontologoz eta sedimentologoz osatutako taldeak Pirinioetan, Huesca eta Lleida artean, zehazki Tremp-Graus arroan, eta baita Zumaian ere. Berotzea arroketan erregistratuta gelditu zen eta haietan dauden oxigenoaren eta karbonoaren isotopo egonkorrak aztertu dituzte. Oxigenoaren isotopoek paleotenperaturari eta lagina zegoen sakonerari buruzko informazioa ematen dute eta karbonoaren isotopoek, berriz, atmosferan eta ozeanoetan gertatu diren CO2-edukiaren aldaketei buruzko datuak ematen dituzte.
Gaur egungo berotze globalaren prozesuak biziagotu egin du komunitate zientifikoak erregistro geologikoei buruz duen interesa, erregistro horiek informazio garrantzitsuaren fitxategia baitira garai bateko aldaketa klimatikoen eragin fisiko eta ekologikoak ulertzeko. Ikerketa Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology aldizkarian argitaratu da.