Itsas labarretako krabelina

Kaixo lagunok! Hemendik aurrera Euskal Herriko flora baskularra zuei azaltzen (bere ezaugarri eta bereiztasun aipagarrienak kontutan harturik) saiatuko gara. Oso zaila edo ikaragarri luzea litzaiguke gure lurraldeetako espezie guztiak zuei aurkeztea, baina pixkanaka-pixkanaka familiarik adierazgarrienak eta arrazoi bategatik edo besteagatik aipagarri diren espezieak azalduko dizkizuegu. Halaber, kontuan izanen dugu gure lurraldeetan ditugun habitat desberdinak, bizileku hauetako landare ikusgarrienak aukeratuko ditugularik.

Oraingo honetan, oso espezie bitxia azalduko dizuegu; gure itsas labarretako belar-maldetan bizi den Armeria euskadiensis landare endemikoa, hain zuzen ere. Endemismo hauen hedapena Euskal Herriko kostaldera mugatzen da, eta Donostiako Urgull mendia 1895. urtean aipatu zen, gaur egun bertan ikus dezakegularik.

Gure itsas labarretan, olatuen eragin mekanikoa txikiagotzen den lekuetan, lurzorua aberatsagoa da, landaretzaren presentzia nabarmenduz. Aipaturiko laberretako kokagune edo zona honetan azaltzen zaigu bereziki armeria hau.

Landare honen oinaldea adarkatua izaten da. Lantza-formako hostoek, 3-5 nerbio izaten dituzte, nahikoa ziratuak izanik. Oinaldetik sortzen den zurtoin luzeska baten buruan globulu baten antzera arrosa-koloreko lore ugari azaltzen dira.

Jenero honen barruan, penintsulan 54 espezie eta 27 subespezie ezagutzen dira, hauetariko 6 Euskal Herrian azaltzen direlarik. Espezie eta subespezie guztiak kontutan harturik 66 endemismo detekta ditzakegu, gure kasuan 3 endemismo ezagutzen ditugularik. Jenero honetako espezieak erraz hibridatzen dira, taxonomikoki sailkapenak egiteko oso jenero zaila izanik. ICONA-k egindako ikerketen arabera, 5 espezie desagertzeko zorian egon daitezke.

Bestalde, gure egoerari begiratuta guk aztertutako armeria hau ofizialki babestu beharko litzatekeela uste dugu; Euskal Herrian espezie bakar xamarra izan arren, endemismo interesgarria eta lokalizatua baita.

FITXA TEKNIKOA

Itsas labarretako krabelina

Familia: Plunbaginazeoak
Espeziea: Armeria euskadiensis
Banaketa: Bakana
Habitata: Itsas labarrak
Sendabelarra: - - - - - -

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila