Itsas hondotik etorri zen oskolen kaltzioa

Estatu Batuetako geologo batzuek aurkitu dute garai hartan itsasoak kaltzio-kantitate handia izan zuela. Hori izan daiteke oskolen agerpenaren zergatietako bat.

Periodo Kanbriarraren hasieran agertu ziren lehen animalia oskoldunak. Oskolak izateak abantaila asko ekarri zien; animalia askok garatu zituzten oskolak, eta, denborarekin, egitura gogor horiek hezurduren aitzindari bilakatu ziren, besteak beste. Baina ez dago garbi zergatik garatu zituzten oskolak hain justu garai horretan eta hain azkar. Izan ere, eboluzioan, oskolak bat-batean agertu ziren, ez zen pixkanakako prozesua izan.

Orain, Estatu Batuetako geologo batzuek aurkitu dute garai hartan itsasoak kaltzio-kantitate handia izan zuela. Hori izan daiteke oskolen agerpenaren zergatietako bat.

Geologo horien arabera, duela 530 milioi urte kaltzio-kantitatea asko handitu zen itsasoetan. Garai hartan harrietan 'harrapatutako' kaltzioa neurtu eta 10 milioi urte lehenagokoarekin konparatu dute. Antza, bat-batean ugaritu zen kaltzioa itsasoan, beharbada, itsaspeko sumendiek jaurti zutelako.

Itsasoan dauden elementuek eboluzioan eragina izatea oso hipotesi interesgarria da biologoentzat, neur daitezkeen hainbat datuk lagun dezaketelako beste hipotesi batzuk garatzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila