Ozeano Pazifikoko bi eremu handi, Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldearen parekoa bata, eta Hawaii eta Alaska artekoa bestea, itsas harrapari handi askoren migrazio-bidean sartzen dira, hasi hegalaburretatik eta baleetaraino. Ondorio horretara iritsi dira Census of Marine Life ekimeneko zientzialari batzuk, harrapari ugariren migrazio-bideak alderatzean. Nature aldizkarian argitaratu dituzte lortutako emaitzak.
Migrazioetan egiten dituzten bideen jarraipena egiteko, 4.306 gailu elektroniko erabili zituzten ikertzaileek 2000. eta 2009. urteen artean. 23 espezietako 1.791 banakoren nondik norakoak ezagutu zituzten hala. Ondoren, Stanford Unibertsitateko Barbara Block ikertzaileak (artikuluaren egile nagusiak), Nature ren webgunean adierazi duenez, ordura arte inork egin ez zuen zerbait egin zuten: migrazio-bide guztiak elkartu, eta gunerik partekatzen ote duten aztertu zuten.
Aurkitutako bi "puntu bero" horiek elikagaitan aberatsak direla ere adierazi du Blockek, eta, bereziki, lehen mailako produkzioari dagokionez. "Sabanako belardien parekoak dira itsasoan", dio.