Azaroaren 22tik 24ra Helsinkin egingo den batzar nagusian, Informazioaren Gizarteaz arduratzen den Europako Komisioko Zuzendaritza (IST) hurrengo galderei erantzuna bilatzen saiatuko da: Nolakoa izango da etorkizunean Informazio-teknologiek gure eguneroko bizitzan izango duten eragina? Zeintzuk izango dira teknologia horiek izango dituzten aldaketa nagusiak? Nola lor daiteke teknologia horien bidez enplegu berriak eta negozio berriak sortzea? Erabil al litezke gizartearen bizitza maila hobetzeko, pertsonen muga fisikoak gaindituz?
Biltzarrera Europa guztiko adituak gonbidatu dira, Informazioaren Gizartearen eta Teknologien inguruan sortu diren azken berrikuntzak aztertuko dituztenak, hala nola, aplikazio berriak, esparru juridikoak, araudiak, lanpostuen sorrera, merkataritzako jarduera berriak eta leihakortasunaren igoera. Adituen hitzaldiez gain, hainbat gai interesgarriri buruzko mintegiak ere egingo dira: globalizazioa, hezkuntza, gazteria, lan-mundua, hirugarren adina eta minusbaliatuak, nazioarteko lankidetza, osasuna, bizi-kalitatea, etab.
ISTren biltzar orokorreko webgunea honako hau da: http://www.ist99.fi/