Kristo aurretiko XVII. mendean sumendi-leherkerta izugarria gertatu zen Egeo itsasoan dagoen Santorini irlan. Grekoen mitologian leherketa hau Atlantis kontinente hipotetikoaren desagerpenarekin lotzen da. Leherketa hori K.a. 1628. urtean gertatu zela finkatu ahal izan da.
Historilari eta arkeologoek interes berezia zeukaten Santoriniko leherketa noiz gertatu zen finkatzeko. Izan ere Kretako zibilizazio mizenikoaren hondamendi azkarra leherketarekin lotua izan da. Bestetik klimatologoen interesa, leherketa honek Mediterranio ingurutatik at klimari nola eragin zion ezagutzea da.
Santoriniko leherketak sortutako azidotasunaren arrastoak Groenlandiako izotzetan aurkitu dira. Izotz horiek datatu direnean, leherketa K.a. 1628.ean (±20 urte) gertatu zela ikusi da. Datu horiek zehazteko Iparrameriketako bizitza luzeko zuhaitzen eraztunak aztertu ziren eta eraztun horiek estuagoak dira K.a. 1628-1626 urteei dagokien tartean.
Belfast-eko unibertsitateko Martin Munro eta Mike Baillie ikerlariek egindako datazioei esker, Santoriniko leherketa K.a.1628.ean gertatu zela konfirmatu ahal izan da. Haritzen eraztuna aztertuz, bi ikerlari hauek 7.272 urte hartzen dituen datazio-kronologia ezarri ahal izan dute. Irlandako iparraldean dagoen Antrim konterriko zingira batetik zetozen bi zuhaitz aztertu dituzte. Zuhaitz hauek oso eraztun mehea, ia ikustezina, zeukaten K.a.1628. urteari zegokiona, eta hori ingurugiroak eragindako estresaren ondorio da.
Ikerlari irlandarren ustetan, Santoriniko leherketak sortutako hauts-hodeiek eurite handiak eragin zituzten alde batetik (hauts-partikulek euri-hazi moduan jokatu bait zuten) eta bestetik eguzkiaren erradiazioa lurrazalera iritsi zedin eragotzi zuten. Horrela, zuhaitzek balantze negatiboa izan zuten zingirako ingurugiro hartan eta ezin izan zuten ohi bezala hazi.