Iridioa, izozpeko Lurraren hipotesian esanguratsua

img height="132" hspace="5" src="Images/A211-021.jpg" vspace="5" width="200"/>

Iridio elementuaren azterketak indartu egiten du izozpeko Lurraren ideia, hau da, duela 700 milioi urte inguru izotzak lurrazala guztiz estali zuela dioen hipotesia.

Elementu hori espaziotik iristen da Lurrera, gehiena hauts-partikulatan. Lurrazalean, harri-sedimentuetan banatzen da iridioa, uniformeki, normalean. Baina duela 600 eta 750 milioi urteko sedimentuetan, berriz, iridioa metatuta agertzen da. Geologo batzuen ustez, hori ez zen gertatu garai haietan hauts asko iritsi zelako espaziotik, baizik eta lurrazala izotzez estalita zegoelako. Iridioa izotz-geruzatan geratuko zen urte haietan, eta, izotz guztia urtu zenean, sedimentuetan geratuko zen metatuta. Iridio-kantitatea ikusita, geologoek uste dute 12 milioi urtez izan zela lurrazala izozpean. Geologoek Kongon eta Zambian aurkitu dituzte metatutako iridioaren azken arrastoak, eta horrek esan nahi du latitude horretan ere izotzez estalita zegoela Lurra.

Iridioaren azterketak ez du erabat baieztatzen izozpeko Lurraren hipotesia, baina ematen du aldeko datu bat dela. Besteak beste, hainbat isotoporen azterketak falta dira, eta, horiek bukatuta ere, geologoek ez dute emango frogatutzat hipotesia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila