Hiru enpresa pribatutako zientzialariek tenperatura altuenetan bizi den organismoaren genomaren sekuentziazioa bukatu dute. Diversa Corporation, Celera Genomics eta Applera Corporation konpainiek lortu dute Pyrolobus fumarii-ren genoma osatzea. Horri esker beroari aurre egiteko gai diren farmazia-, kimika- eta nekazaritza-produktuak ekoitzi ahal izango dira.
Pyrolobus-a Ozeano Atlantikoaren hondoan, tximinia hidrotermal batean aurkitu zen organismo mikroskopikoa da. 90-113 ºC bitarteko tenperaturan bizi da, inoiz izaki bizidun batentzat neurtu diren altuenak. Hala ere, tenperatura aproposena 106 ºC-koa da, hau da, uraren irakite-puntua baino 6 gradu gehiago; beraz, bere geneek beroa jasateko oso ahalmen handia dute. Ezaugarri hori animaliak elikatzeko gehigarriak egiteko, nekazaritza-ekoizpenetarako eta industria-entzimentzat erabil daiteke.