Kaliforniako Santa Fe Institutuko Eric Bonabeu biologo eta telekomunikazio-ingeniariak bere bi lanbideak bateratu egin ditu, izan ere inurri-kolonien portaerak telekomunikazio-sareetan aplikatu baititu.
Inurriek, lanean dabiltzala, feromona-arrastoa uzten dute joan-etorri bakoitzean eta, horri esker, batak besteari jarrai diezaioke. Inurrietako batek janari-iturrirako bide motzagoa aurkitzen duenean, joan-etorria azkarrago egiten du, feromona-arrastoa indartu egiten da eta beste inurriak bere bidera erakartzen ditu. Horrela, feromona-arrastoa gehiago sendotzen da eta bide berritik lan egingo duen inurri-kopurua etengabe handitzen da. Baina ilaran dauden inurriek ez diote bideak bilatzeari uzten eta nagusia blokeatuta badago, beste horietatik hasiko dira ibiltzen.
Bonabeuk estrategia hori bera telekomunikazio-sareetara (Internet, telefono-linea eta abarretara) egokitu du. Inurrien ahaide birtualek etengabe bide berriak bilatzen dituzte, zuzenekoa blokeatu edo motelegi bilakatzen denean erabili ahal izateko. Horrez gain, robotentzat baliagarria den bigarren behaketa bat egin du: inurri-talde batek objektu handi bat garraiatzen duenean, ez dira euren artean komunikatzen. Horren ordez, objektuaren oreka bilatzen dute une oro.
Bonabeuk estrategia hori robotetan aplikatu du eta inolako komunikaziorik gabe batak besteari ontziak ematea lortu du. Inurri-koloniak behatzea, beraz, oso baliagarria izan liteke telekomunikazioen aro honetan.