Lomonosov Mosku Estatu Unibertsitateko ikertzaile batek Arthropod Structure & Development aldizkarian azaldu du nola moldatu dituzten Megaphragma generoko liztorrek nerbio-sistemako zelulak beren gorputzak organismo zelulabakarren neurrietara parekatzeko (irudian paramezio baten eta ameba baten ondoan ageri da). Egindako ikerketan, ikusi dute ale helduetan nerbio-sistema zentraleko neurona gehienek ez dutela nukleorik (ez gongoiletan, ez garunean). Hain zuzen, 339-372 neurona nukleodun bakarrik aurkitu dituzte liztor helduetan. Larbetan, aldiz, 7.400 neuronak dute nukleoa; larben garapeneko azkeneko fasean galtzen dute nukleoa. Ikertzaileak nabarmendu du ezen, nukleorik ez izan arren, intsektuok gai direla bai hegan egiteko bai ostalariak bilatzeko.