Intsektuen arnas geldialdiak, zergatik ote?

img hspace="5" src="Images/A209-009.jpg" vspace="5"/>

Intsektuek orduak pasatzen dituzte arnasarik hartu gabe. Ikertzaileek orain ulertu dute horren zergatia; antza denez, oxigeno-gaindosia saihesteko modua da hori. Oxigenoa ezinbesteko erregaia da bizidunontzat, baina bere neurrian; gorputzeko ehunetara behar den baino oxigeno-molekula gehiago bideratzen bada, proteinei, lipidoei eta DNAri kalte egin eta zelulen heriotza gerta daiteke.

Kaliforniako eta Berlingo bi unibertsitateren arteko lankidetzaren ondorioz, Attacus atlas puparen, gaueko tximeleta baten, arnas ohiturak aztertu dituzte. Ikertzaileek, puparen inguruneko oxigeno-maila aldatu dutenean, hau ikusi dute: zenbat eta oxigeno-kantitate handiagoaren pean jarri pupak, orduan eta gutxiagotan hartzen dutela arnasa. Eta, ondorioz, intsektuek ez dute aldatzen barneko oxigenoaren eta karbono dioxidoaren proportzioa.

Ikertzaileen arabera, intsektuek behar metaboliko txikia dutenean egiten dituzte arnas geldialdiak, horrela ehunetara banatutako oxigeno-kantitatea murrizten baita. Aldiz, haien jarduera metabolikoa gehitzen bada, hegaz dabiltzanean esaterako, modu jarraian arnasten dute.

Intsektuen arnas geldialdiak, hortaz, oxigeno-gaindosia saihesteko modua lirateke. Orain arteko hipotesirik sendoenaren aurrean gaude; halere, oraindik asko dago ikertzeke, eta, besteak beste, esperimentua intsektu-espezie gehiagorekin egin behar da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila