Intsektuek ere egiten dute lo

Loari buruzko ikerketak ugaztunetan egin dira, batik bat gizakian. Gainera, loa definitzeko elektroentzefalogramaren ereduetan oinarritzen dira zientzialariak. Baina ornogabe gehienetan ezin da metodo hori erabili; ondorioz, lo egiten dutela zalantzan jartzen dute ikertzaile askok. Hainbat ikerketatan, labezomorroak, eskorpioiak, erleak eta ozpin-euliak itxura batean lo egiten zutela azaltzen zen, baina ez zegoen froga garbirik.

Orain, AEBetako Arizonako Unibertsitateko ikertzaile batek Polistes flavus liztorrak lo egiten duela adierazi du. Haren esanean, liztor horiek gau osoan geldirik egoten dira, gauero. Eta denbora horretan gutxiagotan arnasten dutela, muskuluen tenperatura jaitsi eta metabolismoa moteldu egiten dela ikusi du infragorriei esker.

Genero bereko beste liztor batzuek ere berdin jokatzen omen dute. Beraz, pentsatzekoa da beste intsektu eta ornogabe batzuek ere egiten dutela lo. Are gehiago, ornodunetan ustez dituen funtzio berak beteko lituzke loak ornogabeetan; hau da, oroimena finkatu, ikasteko gaitasuna areagotu, ehunak konpondu eta energia gordetzeko egiten dute lo.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila